XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
75 minutu besterik ez zuen irauten.
Irudi bakarra agertzen zen pantailan, lautada urdin batena, alegia.
Milaka ziren amodioak jota esandako hitzak.
Derek Jarman Berlinale bukatu zen egun berean hil egin zitzaigun.
Ikusmena kendu izan zion gaitzak baina iluntasun goibelean jakin, jakin izan zuen Berlinen bihotzean iraungo duela bizirik.
Emandako sarietan ere ikusten da argi Berlinek maitekiro erabiltzen dituela herriei aurrera jarraitzeko hainbat arrazoi, gogoeta eta beta ematen dieten zeluloide-puskak.
Urreak estali zuen gure zinematokietan jaun eta jabe ibili den
Jim Sheridanek zuzendutako lan mardulak Guilfordeko laukotearen gurutz bidea azaltzen du eta Britainia Haundiko Justiziari ematen dio zaplasteko hilgarria.
Baina sakonagoa da Irlandarekin konpromezu handia onartzen duen dokumentuak gugan sortzen duen dardara.
Gizon baten bilakaera jartzen digu begi aurrean.
Aita eta semearen arteko harreman txit berezia aztertzen du zorrotz.
Ez da harritzekoa pelikula honek herri irlandar osoa zinematokietan batu izana.
Ezta eskuinaldeko britaniarrek erakutsitako gorroto amaigabea ere.
Zilarrak laztandu zuen Kubako Iraultzari hainbat gomendio, kritika eta aholku egiten dizkion kontakizun gazigozo hau.
Aspalditik kamara lepoan harturik borrokan jardun duen Gutierrez Alea maisuak eta gazte makatz eta hezigaitza den Juan Carlos Taibok ez dute begirada pausatzen Miamin eta ez diete amerikanoei erreguka deitzen.
Ez, beraiek La Habanan bizi nahi dute.
Baina Lezama handia irakurriz.
Baina nahi duten harreman sexual mota biziz.
Baina maite duten edozein jainko ala deabruri otoitzean.
La Habanan bai baina zuri gustatzen zaizun marrubizko jelatua janez.
La Habanan bai, baina nik gustokoa dudan txokolatezkoa dastatuz.